XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Taldeen ezaugarriak hizkuntza-gaitasun desberdinaren arabera

Euskaldun elebakarrek, hau da, euskaraz baino hitz egiten ez dutenek, ondoko ezaugarriak dituzte:

- Euskal Herrian jaio dira, guraso euskaldunak dituzte eta lehen hizkuntza euskara dute.

- Familia eta gertuko komunitatea euskaldunak dituzte guztiz.

- 50 urtetik gorakoak dira eta gehienek 64 urte baino gehiago dituzte.

Ez dute ia ikasketarik, ezta lehen mailakorik ere.

- Gune ez hiritarretan bizi dira nagusiki.

- Euskararekiko interes handia dute eta euskara sustatzearen aldekoak dira.

Elebidunek, hau da, euskaraz eta erdaraz hitz egiten dutenek honako ezaugarriak dituzte:

- Euskal Herrian jaio dira eta gehienek guraso euskaldunak dituzte.

- Gehienek lehen hizkuntza euskara izan dute; hala ere, gutxiengo handi samar baten (%17) lehen hizkuntza erdara izan da.

- Familia euskalduna da gehienbat; lagunartea edo lan-eremua, ordea, ez.

- Euskararekiko interes handia dute eta euskara sustatzearen aldekoak dira.

- Gehienak 25.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan bizi diren arren, herena gune hiritar edo erdi-hiritarretan bizi da.

Elebidun hartzaileen, hau da, euskaraz zertxobait dakitenen ezaugarri nagusia gazte izatea da.

Hirutik bi 35 urtetik beherakoak dira.

Gehienek lehen hizkuntza erdara izan dute eta %17k euskara edo biak. Gainera:

- Familia eta gertuko komunitatea erdaldun dira euskaldun baino gehiago.

- Euskararekiko interesa dute eta erdia baino gehiago euskara sustatzearen alde dago.

- Gehienak gune hiritar edo erdi-hiritarretan bizi dira.

- Hamarren bat etorkina da eta herena baino zertxobait gehiago etorkinen seme-alabak dira.

- Ikasketa-maila batezbestekoaren gainetik dago.

- Gehienek erdaraz egin dituzte ikasketak eta ia hirutik bi saiatu dira hezkuntza-sistemaz kanpo euskara ikasten.

Erdaldun elebakarrak, hau da, gaztelaniaz edo frantsesez baino ez dakitenak eta euskara ulertzen ez dutenak, biztanleen %63 dira.

Biztanleria osoaren ezaugarriekin bat etorri arren, ondokoek bereizten dituzte:

- Lehen hizkuntza erdara dute.

- Familia eta gertuko komunitatea erdaldunak dira gehienbat.

- Herena etorkina da eta ia beste heren bat etorkinen seme edo alaba.

- Laurdena euskara sustatzearen alde dago, beste laurden bat aurka eta gainerakoek ez dute argi azaltzen ez aldeko ez aurkako jarrerarik.

- Gehienak 25.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan bizi dira.

- Biztanleriaren batezbestekoa baino zaharxeagoak dira.